Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak onartu du fidantzak gordailutzeko betebeharra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errentamendu Kontratuen Erregistroa erregulatzen dituen Dekretua.
2015eko irailaren 26ko Etxebizitzari buruzko Legea garatzeko bidean onartu du Eusko Jaurlaritzak lehen dekretu hau, fidantzen gordailutzea abian jartzeko beharrezko diren hainbat alderdi zehaztuz: nola, non eta zer epetan egin behar den gordailua, edo nola funtzionatuko duen Errentamendu Kontratuen Erregistroak eta nola egin behar diren inskripzioak.
Araudi berriari esker segurtasun handiagoa izango dute maizterrek, fidantzaren zenbatekoa eta Eusko Jaurlaritzaren zein zerbitzutan gordailutu behar den zehazten duenez: Bizilagun. Bestalde, Kontratuen Erregistroa informazio-iturri fidagarria izango da, eta haren bidez aztertu ahal izango da Euskadiko errentako etxebizitza-merkatuaren egoera eta bilakaera.
Fidantza gordailutzeari dagokionez, Etxebizitzaren Legeak zehazten du errentatzaileak gordailutu behar duen zenbatekoa, errentamendu-kontratu motaren arabera.
- Hilabete bat, etxebizitzen errentamenduetan.
- Bi hilabete, beste erabilera batzuetarako errentamenduetan.
- Denboraldiko errentamenduetan, kontratuaren iraupenaren proportzioan ezarriko da fidantza, kontuan hartuta urtebeteari bi hilabete dagozkiola.
Bestalde, bi araubide ezberdin ezarri dira gordailua kudeatzeko: bata, orokorra; bestea, itundutakoa. Itundutako araubidera edozein pertsona fisiko edo juridiko atxiki daiteke, baldin eta, gutxienez, 10 hiri-finka errentatzen badituzte, edo, bestela, gordailatu beharreko fidantza 30.000 eurokoa bada gutxienez.
Araubide orokorraren kasuan, fidantza hil bateko epean gordailutu beharko da.
Gordailutzeko, honako hauek egin behar dira: gordailu-inprimaki ofiziala bete –Zuzenean zerbitzuko bulegoetan eskura ditzakezu, edo https://euskadi.eus/gordailua helbidean–; errentamendu-kontratuaren kopia bat eta ordainagiria aurkeztu, eta, azkenik, fidantza gordailutu, Internet bidez, edo, bestela, Bizilagun zerbitzuaren bidez.
Fidantza gordailutu eta hilabeteko epean, errentatzaileak horren berri emango dio errentariari, dagokion egiaztagiriaren kopia baten bidez.
Epez kanpo gordailutuz gero, dagokion gainkarga ezarriko zaio fidantzaren zenbatekoari: aurretik ez bada errekerimendu espresurik egin, %2, eta aurretiko errekerimendu espresua egin bada, %10. Gainera, 300etik 3.000 eurora arteko isuna jarri ahal izango da.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko errentamendu-kontratu guztiak Errentamendu Kontratuen Erregistroan erregistratu beharko dira; aurretik fidantza gordailutu bada, berriz, Bizilagun zerbitzuak egingo du inskripzioa, ofizioz, eta, beraz, ez da inskribatzeko eskari berririk egin beharko.
Interesdunak Bizilagunekin harremanetan jarri behar dira Online Zerbitzuaren bidez, euskadi.eus helbideko postontziaren bidez edo ZUZENEANen herritarren arretarako telefonoaren bidez: 012.
Euskal Autonomia Erkidegoko fidantzak gordailutzea eta hiri-finken errentamendu-kontratuen erregistroa –Araubide orokorra (PDF, 372 KB)
Euskal Autonomia Erkidegoko fidantzak gordailutzea eta hiri-finken errentamendu-kontratuen erregistroa –Araubide berezia (PDF, 368 KB)