Euskadi.eusen sartu

Hasiera

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Euskal Etxebizitzako Behatokia
  4.  
  5. Administrazioa
  6.  
  7. Etxebizitzaren arloko politika

Etxebizitza Sailburuordetzaren 2019ko Aurrrekontuen Aurkezpena

ETXEBIZITZA PROGRAMA

 

  1. ETXEBIZITZA TALDEAREN AURREKONTUA 

Etxebizitza Programako 2019ko aurrekontua 141,81 miloi eurokoa da, hau da, 2018an baino ia % 12 gehiago. 

Etxebizitza-arloko gastu zuzeneko politiketara bideratzeko 2019ko aurrekontuetan zer gaitasun dagoen zehazteko, analisian Visesa eta Alokabide sozietate publikoetako aurrekontu gastuak ere izan behar dira kontuan. 

2019rako, Visesak 117,5 miloi euroko gastu-aurrekontua du (2018an baino % 4 gutxiago), eta, Alokabidek, 84,1 milioi eurokoa (2018an baino % 8 gehiago). 

Aurrekontu bateratua (Etxebizitza Sailburuordetzarena gehi berari atxikitako sozietate publikoena), 276,7 milioi eurokoa izango da 2019an, hau da, 2018ko 261 milioi euroak baino % 6 gehiago.

Bereziki interesgarria da aipatu aurrekontu bateratuko 1. kapitulutik 7.era bitarteko gastuen batukaria (ez ditu kontuan hartzen finantza-aktiboen eta -pasiboen gaineko eragiketak); izan ere, pertsonengan benetako eragina duen etxebizitza-arloko gastu zuzena neurtzeko datu bikaina da; bada , 2019an 239,1 milioi eurokoa izango da, 2018an 216,6 milioi eurokoa denean, hau da, 22,6 miloi euroko eta % 10 baino gehiagoko gastu zuzeneko igoera izango da. 

  1. ETXEBIZITZA PROGRAMAREN AURREKONTUA 

Etxebizitza Programaren 2019ko gastu-aurrekontuan, gastuaren % 72 zuzenean alokairu-politiketara bideratutako gastua da, eta, % 22, hiri-birgaikuntzako politiketara. 

Hiri-birgaikuntzako gastua deskontatuz, Etxebizitza Programako gastu zuzenaren % 92 alokairu-politiketara bideratzen da; hau da, ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak aurreikusitakoa baino gehiago. 

Etxebizitzarekin lotutako erakunde publikoen ekimenaren % 88 alokairu-politiketara bideratzen da. 1.075 babes publikoko etxebizitza eta alokairura bideratutako ekimen publikoaren mendeko zuzkidura-bizitoki eraikitzen hastea programatuta dago; horietatik, 950 bideratuko dira alokairura. Alokairurako etxebizitzetatik 250 Sailak sustatuko ditu (24,6 milioi euro ordainketa-kreditutan eta eraikuntza-lanekiko konpromisoa), 350 Visesak (7,4 milioi euro ordainketa-kreditutan eta 2019ko kontratu-programa betetzeko konpromisoa), 125 tokiko erakundeek (12,0 milioi euro ordainketa-kreditutan eta alokairua sustatzeko konpromisoa) eta 75 kooperatibek (Sailak erabilera lagatze-erregimenean utzitako lurzoruetan). 

Visesaren kasuan, 2019ko kontratu-programako jarduketen % 74 alokairukoak izango dira (eraikitzen hasi beharreko 475 etxebizitzetatik 350); 2020rako, gainera, ehuneko hori % 100ekoa izango da (alokairuko 475 etxebizitza egiten hasiko dira). 

Era berean, Visesaren jardunean nabarmentzekoa da hiri-birgaikuntzako, berrikuntzako eta jasangarritasun energetiko eta sozialeko jarduketek duten garrantzia. Horren adibide da Gasteizko Koroatze auzoko plana. 

2019an alokairuaren aldeko apustua are gehiago indartuko du Visesak, orain artean salmenta erregimenaren alde zegoen joera aldatuz. 

Alokabidek, alokairu publikoa kudeatzeko sozietatea den aldetik, dituen baliabideen % 100 bideratzen ditu alokairu politiketara; bada, 2019an 13.000 etxebizitza baino gehiago kudeatuko ditu. 

Azkenik, babestutako 700 etxebizitza egiteko lurzoru berriak eskuratuko dira, zehazki, Sailak 500 etxebizitza egiteko lurzoruak eskuratuko ditu, eta, Visesak, 200. 

2019an 16,4 milioi euro bideratuko ditu Sailak (ordainketa-kreditutan eta -konpromisotan) alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak egitera bideratutako lurzoruak erosi eta urbanizatzeko. 

  1. ETXEBIZITZA PROGRAMAREN HELBURUAK 

C.1) Etxebizitzaren Legea erregelamendu bidez garatzea eta etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzea.  

2019ko ekitaldiaren itxierarako, Etxebizitzaren Legearen zortzi erregelamendu izango dira dagoeneko garatuta, horietako batzuk legearen inplementazio operatiborako funtsezkoak; adibidez, etxebizitzarako eskubide subjektiboari eta hutsik dauden etxebizitzen dekretuari dagozkionak. 

2019an etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko alokairuko etxebizitzak esleituko dira. Horretarako bitartekoak honakoak izango dira: Alokabidek kudeatutako parke publikoko etxebizitzen txandaketa, Bizigune programara atxikitako etxebizitza berriak, etxebizitza sozial eta zuzkidura-bizitoki berrien esleipena eta etxebizitzako prestazio ekonomikoen ordainketa. Ekitaldiaren itxierarako, etxebizitzarako eskubide subjektiboa onartuta izango duten bizilekuak 5.000 izango direla espero da. 

Etxebizitzako prestazio ekonomikoetarako bideratutako gastu-partidara 3 milioi euro bideratu dira, eta, kopuru hori, etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko beharrezkoa den zenbatekora bitarte handituko da. 

C.2) Arrazoizko prezioko alokairuko eskaintza handitzea 

Iraganean etxebizitza eskuratzeko erosketaren alde egiten zuten etxebizitza-eskatzaile askok alokairuaren aldeko hautua egiten dute orain, ekonomia- eta finantza-mugapenak, enpleguaren behin-behinekotasuna, enplegu berri askoren soldata txikiak eta bestelako oinarrizko baldintza sozioekonomiko batzuk kontuan hartuta. 

Aldaketa hori Etxebideko eskatzaileen datuetan egiazta dezakegu, izan ere, alokairuaren aldeko joeraren bilakaera oso nabarmentzekoa izan da azken urteotan. 2018ko bigarren hiruhilekoan, alokairu-eskaeren portzentajea % 81,1ekoa izan zen (53.541), eta erosketa-eskaerena % 18,9koa (12.479). Datu horiek, 2008an, alderantzizkoak ziren, beraz, erabat aldatu da egoera. 

Antzeko ikuspegia erakusten du etxebizitza behar duten euskal biztanle guztiei zuzendutako 2017ko Etxebizitzen Beharrei eta Eskariari buruzko Inkestak; bertan ikusten denez, alokairu-eskariaren bilakaera bizkorrak bere horretan jarraitzen du, eta, hala, diru-sarrera edo errenta propioak dituzten herritarren % 49k alokairuaren alde egiten dute jada. Etxebizitza erostearen alde egiten dutenak, berriz, % 36,1 dira, eta % 14,9k ez dute ez aukera baten ez bestearen alde egiten. 

Nabarmendu beharra dago alokairua sustatzea ezinbestekoa dela etxebizitzaren merkatua arrazionalizatu ahal izateko eta alokairuaren bidez bakarrik konpon daitezkeen beharrizanei erantzuna emateko; bereziki, ekainaren 18ko Etxebizitzari buruzko 3/2015 Legearen planteamendu nagusiak kontuan hartuta. Izan ere, planteamenduon arabera, etxebizitza duin eta egoki bat legez izateko eskubide subjektiboa alokairuzko etxebizitza bat eskuratuz gauzatzen da, edo, halakorik ezean, prestazio ekonomiko bat jasota. 

2019an, programatutako ekimen publikoaren % 88 alokairukoa izango da, eta 2020an, % 100 izatera helduko da. 

Alderdi operatiboei dagokienez, alokairuko zuzkidura-bizitokien eta babestutako etxebizitza berrien eskaintza arrazoizkoa egiteaz gain (950 etxebizitza berri egiten hasiko dira), partikularren etxebizitzen alokairua sustatzeko apustuak eta baliabideak areagotuko dira. Horretarako, etxebizitza hutsen stocka mobilizatuko da, merkatuko bitartekotza-programen bitartez, adibidez Bizigune (helburua 2019 itxierarako 5.900 etxebizitza lortzea da) eta ASAP (helburua 2019 itxierarako 500 etxebizitza lortzea da). 

2017ko Etxebizitzaren Erabilerari buruzko Inkestan (EEI), Etxebizitzaren 3/2015 Legeko irizpidea aplikatuta, kudea daitezkeen etxebizitza hutsen kopurua murriztu egingo da 2017an, 20.480 izatera igaroz. Horrenbestez, arau horretako zehaztapenak aplikatuta, kudea daitezkeen etxebizitza hutsak Euskadiko etxebizitza parkearen % 2 lirateke. 

Ekitaldiaren amaieran, etxebizitza-sarbidearen eskubide subjektiboak 5.000 izatea espero da, eta aitortutako alokairu-prestazioak, aldiz, 28.900. Hala, gure kalkuluen arabera 20.675 etxebizitzakoa izango den parke publikoa gehituta, 2019an, Euskadiko alokairuko etxebizitzen parkearen % 40k baino zertxobait gehiagok zuzeneko babes publikoa izango du. 

2019an 2018-2021 aldirako GAZTELAGUN programa jarriko da indarrean, zeinak EAEko gazteei alokairuko etxebizitza duin eta egokirako sarbidea erraztea duen helburu. Horretarako, zuzeneko diru-laguntzak emango dizkie errentari gazteei errentaren zati bat ordaintzeko, eta, hala, gazteon emantzipazioa erraztuko da. 

Programaren indarraldian 23 eta 35 urte arteko 6.000 gazteri laguntzea aurreikusi da (horietatik 2.500 2019an). Horretarako, 50,75 milioi euro bideratuko dira (5 milioi euro 2019an). 

C.3 Etxebizitza Programak 2019an duen hirugarren helburu estrategikoa birgaikuntza-politika berri bat ezartzea da  

Duela gutxi egin den 2017ko EBEIk ere Euskadiko etxeak birgaitzeko beharren irudi eguneratua izateko aukera ematen digu. 2017an, 76.286 etxek adierazi dute etxebizitzak birgaitu behar dituztela 4 urteko epean; hau da, Euskadiko etxe guztien % 8,6. Beraz, 2016-2017 biurtekoan, 18.000 etxe baino gehiagok adierazi dute etxebizitza birgaitzeko beharra. 

Birgaitu behar diren eraikinen batez besteko antzinatasuna 49 urtekoa da, eta 40 urte baino gehiagoko eraikinak hirutik bi dira. 

Kontserbazio eta mantentze jarduketak zein irisgarritasun, bizigarritasun eta iraunkortasun gabeziak kontuan izanik (efizientzia energetikoarekin eta irisgarritasunarekin lotuta batik bat), hurrengo urteetan birgaitzeko esku-hartze sakon garrantzitsuak beharko dira. 

2019an, Etxebizitza Programaren barnean gastatuko diren bost eurotik bat baino gehiago hiri-birgaikuntzako politiketara bideratuko dira. 

Egiturazko eta eraikuntzako egokitzapenetara bideratutako laguntzek lehentasuna izango duten arren (egun ematen diren laguntza guztien erdiak baino gehiago dira), lehentasun hori etxebizitzen irisgarritasuna eta energiaren efizientzia sustatzeko laguntzekin uztartu beharko da.

Laguntza-lerro horiek ahalegin handiagoa eskatzen dute, bereziki irisgarritasunarenak. Izan ere, egun oraindik ere Euskadiko etxebizitzen % 30ek igogailurik ez dutela kontuan izanik, irisgarritasuna berehalako erronka da uneotan. Bada, eraikuntza zaharretan erronka horri erantzuteak kostu eta konplexutasun handiko esku-hartzeak eskatzen dituela kontuan izanik, ahalegin berezia egingo da. 

Jada abiatutako jarduera biziari beste bultzada bat ematea da orain erronka, irisgarritasunean, energiaren efizientzian eta birgaitze integratuan arreta berezia jarriz. 

Birgaitzearen arloko diru-laguntzen araudi erregulatzaile berria 2019an sartuko da indarrean, balio handiagoa eman dion herritarren parte-hartze prozesu luze baten ondoren. Araudi berria gaur egungo benetako beharrekin bat etorriko da eta Europar Batasunak Horizon 2020 egitasmoaren baitan energiaren efizientziaren, irisgarritasunaren eta garapen jasangarriaren arloetan ezarritako eskakizunak kontuan izango ditu. Ildo horretan, etxebizitza-politikaren eragin sozial eta ekonomikoa indartu beharko du.

Horretarako, 21 milioi euro bideratuko dira (ordainketa-kredituak eta -konpromisoak) jabeei eta jabeen erkidegoei eraikuntzako birgaitze-eragiketak abian jartzeko diru laguntzak ematera (inbertsio pribatua 350 milioikoa izatea aurreikusten da).

2019an emandako laguntzek 4.500 etxebizitzetan irisgarritasun-lanak abiatzea ekarriko dutela aurreikusten da; besteak beste, 450 igogailu jarriko dira. 

6,3 milioi euro bideratuko ditugu (ordainketa-kredituak eta -konpromisoak) tokiko erakundeek espazio urbanoetan irisgarritasun-arloko 140 proiektu berri finantza ditzaten, tartean, oztopo arkitektura-oztopoak kentzeko. 

Beste 6,4 milioi euro bideratuko ditugu (ordainketa-kredituak eta -konpromisoak) eraikin multzoetan energiaren efizientzia sustatzeko laguntzetara, birgaitze energetikoko proiektu integralak abiatu dituzten etxebizitzak 2.628 izatea lortzeko. 

Jasangarritasuna sustatzeko, berrikuntza laguntzeko eta hiri-habitata hobetzeko 50 proiektu finantzatuko dira, Eraikal programaren bitartez. 

1.000 etxebizitza sortuko dira birgaitze-prozesuen ondotik (etxebizitza-atala). 

EITak funtsezko tresnak dira Euskadin hiriak birgaitzeko politikak bultzatzeko. Hiru ikuspegi txertatzen dituzte beren irizpenetan, eraikinen mantentze eta kontserbazio egokia energia-eraginkortasunarekin eta eraikinen irisgarritasunarekin lotzen dituzte eta. 

2018ko irailean jarri da indarrean araudi berria; Euskadiko eraikinen ikuskaritza teknikoa sistematizatu, erraztu, argitu eta bultzatzen du. 

2019an, jarduketa berriak finantzatuko dira auzoetan, eta hiri-birgaitzearen arloan, sozietate publikoak lagunduz eta Lurralde Plangintzaren arloko Bultzatu 2050 ekimena osatuz. 

Sestao Berrik 1,7 milioi euro jasoko ditu (konpromiso-maileguak barne), Sestao birgaitzeko. Sailak eta Visesak 40 milioi eurotik gora inbertitu dituzte orain arte Sestaoko Txabarri-El Sol birgaitzeko proiektuan. 

Visesak 1,5 milioi euro jasoko ditu 2019an Gasteizko Koroatze auzoaren birgaitze integralerako. Sailak, beraz, osotutzat eman du eragiketa honetara bideratutako ekarpena; guztia, 7,61 milioi euro. 

C.4 Etxebizitza-politiken efizientzia optimizatzea. 

Etxebizitza programaren prozesu eragile nabarmenetako hiru (Etxebide, Bizilagun eta Etxebizitza) ebaluatuko dira 2019an, zerbitzu publikoon erabiltzaileen gogobetetzea neurtzeko. 

2019an, halaber, 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Planaren tarteko ebaluazioa egingo dugu, ezarritako neurriak eta helburuak zenbatean bete diren zehazteko. Horretarako, kontuan hartuko dira efikazia-irizpideak (aurreikusitako helburuen betetze-maila), efizientzia-irizpideak (lorpenen eta horien kostuen arteko erlazioa), ekitatea eta inpaktua. 

Prozesu eragile gakoetako beste batek, etxebizitzaren gizarte-funtzioaren ikuskaritzak, ibilbide sistematikoei eutsiko die babespeko parke publikoan, eta 2019an 9.500 etxebizitza ikuskatuko ditu. 

Administrazio elektronikoko plataformen ezarpenean aurrerapausoak emango ditugu, herritarren komunikazioa eta parte-hartzea egunez egun kudeatuta etxebizitza-arloan.

Azkenik, sektore-politiken kudeaketa eta integrazioa hobetzeko etengabeko ahaleginari eta apustuari eutsiko diegu. 

Garapenean, hainbat zuzkidura-lagapen programatu dira 2019rako: gizarteratze-sarearentzako (hirugarren sektoreko erakundeei eta entitateei lagatako etxebizitzak); Housing First programarentzako (hirugarren sektoreko erakundeei eta entitateei lagatako etxebizitzak); etxegabetzeen aurrean ordezko bizitegiak eskaintzeko programa (esleipen zuzenak); eta genero-indarkeriaren aurrean ordezko bizitegiak eskaintzeko programa (esleipen zuzenak).

Sailaren aurrekontuaren aurkezpena (PDF, 649 KB) 2018/11/08

  • logo
Rss bidezko harpidetza: 
Euskadi, auzolana